Adierazpen instituzionala 2008ko Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta
Gaur, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Hona hemen Eusko Jaurlaritzaren idatzia:
Euskararen Nazioarteko Egunak urtero gogorarazten dizkigu Mitxelena handiaren hitz guztiz egoki haiek: “Gure herriak herri artean bere tokia behar duen bezala, hizkuntzak ere berea aurkitu behar du hizkuntza artean: handikeriazko menturarik gabe, iraupena eta hazkuntza segurtatzeko behar adinako tokia”.
Hitz gogoangarri horiek aurtengo ospakizunean hartzen dute, agian, oihartzunik beteena. Izan ere, Hizkuntzen Nazioarteko Urtea den 2008 honen hasieran, Eusko Jaurlaritzako, Kataluniako Generalitateko eta Galiziako Xuntako hizkuntza politikarako arduradunek hizkuntza aniztasunaren aldeko Pariseko Adierazpena sinatu zuten, nazioarteko foroetan, besteak beste, honako hau aldarrikatzeko: “hizkuntz aniztasuna Europar Batasunaren balio oinarrizkoetako bat da, eta, halaber, baita Europa batu eta anitz baten aldeko berme sendoa ere”.
Aldarrikapen positibo horrekin batera, eta aniztasun linguistikoaren aldeko jarrerarekin koherentziaz jokatuz, aipatu adierazpenak arbuiatu egiten zituen “hizkuntz aukerak baliatuz jokabide diskriminatzaileak eragiten edo babesten dituen praktikak oro”.
Utikan inposaketa, beraz, hizkuntza politikatik, gaztelania nahiz euskara, zeinahi delarik ere, inposatu nahi litzatekeen hizkuntza. Bazter dezagun, hortaz, hurkoaren hizkuntz aukera zapuzteko tentazioa, baita euskararen balizko mesedetan ere. Euskararen kontrako inposaketa nozitu duen gizarte honek ondo daki ez dela inposaketaren bidea euskararen erabateko biziberritzeraino eramango gaituena. Erne, baina: euskara biziberritzeko egiten den guztia batzuentzat gutxiegi den bezala, beste batzuentzat, berriz, dena da gehiegi, eta euskararen erabilera bultzatzeko eta herritarrek euskaraz bizitzeko duten eskubidea bermatzeko hartzen den neurri oro, edo ia oro, inposaketatzat deskalifikatu ohi dute bidegabeki, inola ere inposaketa ez direnean. Izan ere, beste zerbait ere aldarrikatu behar dugu irmotasun berberaz: benetako elebitasunaren aldeko hizkuntza politika eragingarri batek, ezinbestez, betebeharrak dakartza, eta betebehar horiek, bereziki, hizkuntza ahulagoaren zaintza eta sustapenari lotzen zaizkio, berau delako esparru, funtzio eta hiztunak irabazi behar dituena. Betebehar horiek, gainera, adostasunaren fruitu umotua izan behar dute, gizarte bizitzan benetako eraginik izango badute. Adostu beharrekoak, beraz, euskararen sustapenerako, eta eleaniztasunaren ikuspegitik, ezarri beharreko betebeharren nolakotasuna eta erritmoak dira, ez euskararen eta elebitasunaren aldeko politika publikorik behar den edo ez den. Alor honetan, iruzur nabaria baita eskaintza-eskaria balizko legeen esku uztea hizkuntzen bilakabidea eta hizkuntzen arteko bizikidetza.
Okerra ez ezik, faltsua ere bai baita hizkuntza alorreko arau ezaren aldarria. Are faltsuagoa eta okerragoa, alor horretako araupetzeari zilegitasuna ukatzen dion diskurtsoa. Eta faltsutik maltzurrerainoko jauzia egiten du arautzea eta inposaketa berdindu nahi dituenak. Eleaniztasunak, guk nahi dugun eleaniztasun orekatuak bederen, alor publikoan gauzatzen diren hizkuntz jokabideak arautzea eskatzen du, arau ezak hizkuntza sendoenaren alde egiten baitu berez eta ezinbestez. Ez dezagun ahaztu gizartearen ahotsa eta arauaren beraren izaera demokratikoa direla arau ororen zilegitasunaren iturburua. Inposaketaren antipodetan dago, beraz, araupetze demokratikoa, eta horren premia dugu, nahitaez, euskararen erabilera areagotu eta esparru berrietara hedatzeko xedez diseinaturiko hizkuntz politika historikoki aurrerakoia mamitzeko.
Nolanahi ere, aitor dezagun, berandu baino lehen, arauak ez direla, honetan ere, aski. Urik gabeko uberka baita, atxikimendurik gabe, araua: sorora iritsita ere, lurra emankortzeko ahalmenik ez. Baina erro politikoak, kulturalak edo sozialak izanik ere, baldintza garbi batzuk bete behar ditu euskarak behar eta guk onar genezakeen atxikimendu mota bakarrak: bateratzailea izan behar du, kohesioa sortu behar baitu, eta ez zatiketa; zabala izan behar du, aniztasunetik ateratzen baitu euskarak aurrera egiteko kemena, eta ez afinitatezko berdinkeriatik. Hitz batean, naturaltasuna arnasten duen atxikimendua behar du euskarak, euskal herritartasuna pentsatu eta bizitzeko norberak duen modu partikularrarekin berez eta samur uztartzen dena.
Azken batean, hizkuntza minorizatu bat normaltasunera ateratzeko, ezinbestekoa da hizkuntza horrentzako bizigiro egokia lortzea, eta bizigiro hori sortzen eta mantentzen, euskal gizartea osatzen dugun guztiok -euskal hiztun izan edo ez- konprometitu behar gara, nor bere hizkuntz aukerari uko egin gabe, noski, baina baita ere hurkoarena erraztuz. Euskarak, jakina, nahitaezkoa du gizarte osoaren konpromiso hori. Kontua ez baita euskararen biziraupen nolabaiteko bat bermatzea, baizik eta euskara etengabeko hazkunderako bide oparoan jartzea. Hori da eleaniztasunera garamatzan hizkuntza politika demokratiko batentzat helbururik egokiena.
Helburu horrek, ordea, dei berezia egiten die gure herrikide elebakarrei. Eleaniztasun orekatuaren eta, beraz, hizkuntz normalkuntzaren bidean aurrera egiteko, elebakarrek urratsak eman behar dituzte euskararantz. Ezin zaio-eta euskarari bermatu ezinbestekoa duen arnasa, gutariko bakoitza ez bada, bere hizkuntz aukera pertsonala zeinahi delarik ere, euskaraz ari denaren jarduna ez oztopatzeko gauza. Errespetu praktiko horretatik, eta ez beste inondik, dator eleaniztasunaren bideragarritasuna. Gurean eta edonon.
Era berean, euskararen aldeko hizkuntza politika batek ezin du sekulan inongo erdara, are gutxiago erdal mundua, etsaitzat hartu. Eta ez soilik balizko etsaigo horretatik euskarak berak jasoko lituzkeelako kalterik handienak. Horrez gain, eta nagusiki, kontraesan jasanezina litzatekeelako gure herriaren kohesioarekiko. Izan ere, euskal herritarrok osatzen dugun gizarte bakar honetan mundu ugari bizi dira aldi eta toki berean, eta denak dira elkarren osagarriak. Hau da, erdal mundua indartu egiten da euskarari babesa emanez, euskal mundua indartu egiten den bezala erdarekiko bizikidetza gogo onez onetsiz. Bere baitan mundu ugari izateaz gain, bere baitako mundu horiez guztiez harro sentitzen den herria delako gurea. Horregatik, besteak beste, izan nahi du egiazki eleanitza gure gizarteak, eleaniztasunarekin denok irabazten baitugu, inork ezer galdu gabe. Euskarari bizkar emanda, berriz, ez dago ezer irabazteko. Bai, ordea, galtzeko. Galtzaile, gainera, denok ginateke euskarari bizkar emanda biziz gero, eta denok irabazle, aldiz, euskarari gure bizitzan eta gizartean behar duen tokia eginez gero. Horretan baitatza, azken finean, herri bat izatea.
Hizkuntzen arteko harreman sanoen bidetik, ez beste inondik, bilatuko du, beraz, euskarak Mitxelenak opa zion hizkuntzen arteko tokia.Eta lankidetza da, helburu horretarainoko bidean, gakoa; hizkuntza politika ireki eta eragingarria gidari duen lankidetza. Horixe baita, azken batean, euskal herri erakundeoi alor honetan dagokigun zeregina: eleaniztasun orekatuaren bidean, euskal herritar guztiontzako toki egokirik duen euskara biziberritzeko politika adostua eta eraginkorra diseinatu, eraberritu eta gauzatzea.
Horren aldekoa da gaur, beraz, Euskararen Nazioarteko Egunean eta Mitxelenaren asmo zuhurra gogoan, euskal herri erakundeok aldarrikatzen dugun konpromisoa: adostasuna, atxikimendua, erabilera.
Gasteiz, 2008ko abenduaren 1ean


